jueves, 23 de diciembre de 2010

Material Multimedia

Internet tresna oso interesgarria suerta daiteke material multimedia bilatzerako orduan, eskaintzen zaizkigun aukerak anitzak baitira. Arrazoi hori dela eta, interneten material multimedia bilatzeari ekin diot. 

Aurkitu dudan materialaz hitz egiten hasi baino lehen , aipatzekoa da, nola interneten gaztelaniaz dagoen material multimedia lortzeko erraztasun handiagoa dagoen euskaraz baino. Aldi berean, esan (lantzen diren arloei dagokienez), denetarik aurkitu izan dudala, nahiz eta hizkuntzekin zerikusia duten ariketen kopurua handiagoa den.

Bi puntu horiek argituta, eskuratu dudan materialaren inguruan arituko naiz. Horretarako,  eredu moduan aurkitutako ariketen artean hiruzpalau komentatzea erabaki dut:

Lehenengoa, matematika arloari dagokio, non Lehen Hezkuntzako 2.zikoko ikasleek milioia baino txikiagoak diren zenbakiak lantzen dituzten. Planteatzen diren ariketak honako hauek dira:
·         Zifren kokapen balioa

Honen helburua, beraz, zenbaki horiek modu desberdinean landuz, behar bezala erabiltzen ikastea litzateke.

Ariketa mota hau asko gustatu zait, ariketak egiteko jarraibideak ematen baitira une oro eta horrek laguntza handia suposatzen du ikaslearentzat. Horretaz gain, bertan agertzen diren irudiak oso lagungarriak izaten dira, ikaslearen arreta bereganatzeaz gain, datu asko ematen diotelako.  Beraz, ikasleak zenbakiekin lan egiteko bide aproposa iruditzen zait. Hala ere, ez dut esan nahi ikasleek ariketak egin ondoren zenbakiak guztiz menperatuko dituztenik, bai ariketak egin aurretik eta baita hauen ostean, gelan zenbakiekin lan egiten jarraitzea ezinbestekoa dela argi dago.

Suposa daitekeen moduan, material hau Ingurune arloari dagokio, non zirkulazio aparatua lantzen den. Ariketa hauek  Lehen Hezkuntzako 3.zikloko ikasleei zuzenduta daude eta hauen helburua giza gorputzaren organoak eta zirkulazio aparatuaren funtzionamendua ezagutzea litzatekeelarik.

Aurrekoa bezala, eta material multimedia gehienetan gertatzen den bezala, ikasleentzako oso erakargarriak gertatzen dira, gustura lan egiten dutelarik. Gainera, bertan agertzen diren irudi eta azalpenek asko laguntzen dute, landu beharrekoa eramangarriagoa bihurtuz. Ariketa hauek asko gustatu zaizkit batez ere ez direlako ariketa soilak; aurretik gaiaren inguruko azalpenak ematen dira eta ondoren horiekin lotura duten ariketak lantzen dira.

Azkenik, orrialde honetan (http://www.cuentacuentos.es/) gaztelaniako arloa lantzen dugu, zehazki ipuinak. Web orrialde honi esker, ikasleek ipuinak sortu, irakurri edota entzun ditzakete. Hala ere, atentzioa gehien deitu didana ipuinak sortzearen zatitxoa izan da. Honetan, haurrek, bertan eskaintzen  zaizkien pertsonaia, objektu eta fondoarekin istorio bat sortu behar dute, beti ere, euren istorioa idazten dutelarik.Ipuinak behin idatzita, orrialde berean “publika” ditzakete, beste ume batzuek ere irakurtzeko aukera izateko. 

Aurkitu dudan material multimedia guztiaren artean azken hau izan da gehien gustatu zaidana, ikasleen interesa erakartzeaz gain, entretenigarria dela uste baitut. Irudiekin konbinazio asko egin daitezke, ipuin desberdinak sortuko dituztelarik. Ikasleek beraien aldetik jarri behar duten gauza bakarra irudimena da.

jueves, 9 de diciembre de 2010

"Eskola 2.0 eta Arbel Digitala"

Artikulu honetan irakurri ahal izan dudanaren arabera, "Eskola 2.0" delakoa, hitz gutxitan esanda, negozio hutsa da. Orain arte Eskola 2.0 entzuten nuenean, eskola eta teknologia berrien artean sortutako kohesioa zela uste nuen, non ikasleen ikasketa prozesua hobetzeko urratsak ematen ziren.

Artikulu honek Eskola 2.0-ren eraginkortasuna kolokan jartzen du, eta bere idazleak, J.L Murillo Garciak, adierazten duenez, ez dira hezkuntza planteamendurik ezta planteamendu pedagogikorik kontuan hartzen, bere helburu bakarra teknologia berria banatzea eta azpiegiturak sortzea besterik ez da. Hasiera batean, egun hori gertatzea arraro egin zait, baina, testua irakurri ahala konturatu naiz bestelako interesak honetan zeresana dutela.

Beraz, adierazi dudan moduan, Teknologia berriak (programa honen barruan ) ez dira hezkuntzaren hobekuntzarako eskoletan txertatu (emaitzei begiratu baino ez diegu egin behar), baizik eta teknologia berrien salmenta eta publizitatea areagotzeko.

Eskola 2.0 programak bere hasiera Aragoiko "Arbel Digitala"ren bidez izan zuen. Programa honekin ikasleei Tablet PC bat eman zitzaien beste barik. Argi dago guzti honek suposatu zuen diru mugimendua, beti ere teknologia berrien mitoetan oinarrituz: "informazioaren gizartea", "Teknologia berrien bidez gehiago ikasten da"... adieraziz. Komunikabideek berrikuntza honen berri eman zuten  marketing kanpaina argi eta garbi batean bilakatu zelarik.

Programa honetan parte hartzen zuten eskolei software eta hardware zehatz batzuk inposatzen zitzaizkien, eskolaren beharrizanak kontutan hartu barik. Hori dela eta material piloa banandu egin zen eskoletan zehar, beharrezkoa zuten edo ez begiratu barik. Horregatik (eta datuek garbi azaltzen dute) teknologia berrien txertatzea ez zuen hobekuntza handirik suposatu hezkuntza arloan, gauzak zeuden moduan jarraitzen zuten (edota txarrago oraindik). Beraz, argi dago, material guzti hori soberan dagoela.

Egoera honen aurrean eskola askok Eskola 2.0 programari uko egin diote. Zergatia ondorengo arrazoietan aurkitzen dugu:
  • Proiektu honek ez du posible egiten teknologia berriak errealitatera egokitzea.
  • Zehaztuta dagoen moduan gauzatu behar da (ez dago eskola bakoitzeko errealitatera egokitzerik).
  •  Ez da estrategia pedagogikorik erabiltzen. Irakasleen iritzia edo eskuhartzea ezibestekoa da; teknologia berrien erabilera egoeraren arabera egokitzeko aukera izan beharko lukete.
  •  Ezertarako balio ez duen gastu itzela dakar.
Labur esanda, aurkeztu diguten "Eskola 2.0" programak ez ditu teknologia berriak ikasleen garapenerako baliabide moduan ikusten, merkantilismoa eta negozioak egiteko baizik.

Horregatik, teknologia berriekin lan egiterako orduan, oso argi izan behar dugu ez direla ikasteko material soila, hau da, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatzen jakin behar dugu, ikasleen ikasketa prozesuan modu positibo eta eraginkorrean txertatuz.

Azkenik, esanguratsua iruditu zaidan esaldi bat aipatu nahi dut komentatutako guztiarekin bat datorrena:

"Los portatiles hacen mejorar una buena escuela, pero no hacen que una mala escuela sea buena". 
Mark Warschauer, 2008.

miércoles, 17 de noviembre de 2010

Blogen Aplikazioak

Web 2.0 denaren ondorioz, interneta informazio iturri izateaz gain, geure ekarpenak egiteko aukera ere eskaintzen digu. Alde horretatik begiratuta, blogak, web 2.0an erabiltzen diren erramintetatik erabilien artean aurktizen direnak, aproposak dirudite hezkuntza arloan erabiltzeko. Hauek bai ikasleen eta baita irakasleen lana burutzeko oso erabilgarriak suertatzen diren bitartean, informazioaren gizarte honetan garrantzi handikoak bilakatzen hasi dira. Beraz, etorkizun hurbil batean, bai interneta eta baita bertan dauden erraminta desberdinak erabiltzen jakin beharko dugu. Horregatik, eskolan hauekin lan egiten hastea aproposa da.

Kasu honetan, hezkuntzan, blogen aplikazioak  anitzak dira: gai desberdinei buruzko informazioa biltzeko, egiten ari garena kontatzeko, albisteak argitaratzeko... erabil dezakegu, lana bakarka zein taldeka burutu daitekeelarik. Dena dela, blogen erabilera anitzak ez du esan nahi blogak edonola erabil daitezkeenik, hauen aplikazioa erabakitzea garrantzitsua da, ezagutzak lortzeko bidea errazten baitigute.

Hauen inguruan hitz egiten denean, gauza positiboak besterik ez ditugula ikusten ematen du, baina ez; blogen erabilerak hainbat gauza dakar berarekin:

Lehenengo eta behin, blogak erabili ahal izateko, eskolan bertan ordenagailuak eta internetera sartzeko aukera izan behar dugu, alegia, baliabide materialak izan behar ditugu. Bestalde, irakasleak blogekin lan egiteko prest egon behar dira, hauekin lantzeko formazioa izan behar dute, ondoren, ezagutza guztiak beraien ikasleei helarazteko. Azkenik, aipatu, ikasle guztiek ordenagailu eta internetekin gutxieneko trebetasuna izan behar dituztela. Azken ideia hau, gaur egun betetzeko erreza dela pentsatzen dugun arren, ez da beti horrela izaten, eskolan, egoera anitzetan bizi diren umeak baititugu eta hori kontuan hartu beharreko zerbait da.

Hori dela eta, blogekin klasean lan egiten hasi baino lehen, gelako egoera ongi behatu behar dela uste dut, hau da, aipatu ditudan oinarrizko alderdi guzti horien inguruan hausnartu behar dugu, guztiok berdintasunean informzaioaren gizarte honetan sar gaitezen.


domingo, 7 de noviembre de 2010

"Reflexiones Sobre la Brecha Digital"

Eten Digitala eta Hezkuntza.

Teknologia Berrien inguruan zerbait entzuten dugun bakoitzean, aurrerapen eta garapenarekin erlazionatzera jotzen dugu, hainbat teknologiei esker geure egunerokotasuna erosoagoa bilakatzen baita. Horrela ikusita, bai, teknologia berriek  abantaila handia suposatzen dute,  baina ez gara konturatzen, gutariko askorentzat aurrerapenarekin zerikusia duen zerbait den bitartean, beste batzuentzat "atzerapena" suposatzen duela.

Horregatik, Julio Caberok bete artikuluan eten digitala deritzogunari buruz hitz egiten digu.
Eten digitala hitza entzun eta ia gehienok zer esan nahi ote duen galdetzen diogu geure buruari, bere izenak asko esaten digun arren. Horregatik, aproposa iruditzen zait lehenengo definizio labur bat ematea, nahiz eta ondoren azalpen sakonagoetan sartu: eten digitala, zenbait taldek ezaugarri jakin batzuen, ikuspegi kulturala edota egoera ekonomikoa dela medio, teknologia berrietara jo ezinaren ondorioa da. Hau da, badaude pertsona batzuk gure gizartean (zein beste batzuetan), ezin dutenak teknologia berrietara iritsi, eta ondorioz, hauen eta teknologia berriak erabiltzen dituztenen artean desberdintasun bat, eten bat, sortzen da, eta honi deritzogu eten digitala.

Aipatu ditugun desberdintasun horietatik, beste eten mota batzuk daude, baina ezer baino lehen, argi izan behar dugu eten digitalak ez dituela hauek sortzen, baizik eta areagotu egiten ditu. Etenak ondorengo hauek lirateke:

Eten Sozioekonomikoa: Eten mota honek gizarte aurreratu eta atzeratuen arteko etenaz hitz egiten digu. Argi dago eten mota hau herrialde bakoitzak duen egoera ekonomikoaren ondorioz gertatzen dela; herri aurreratuek ekonomikoki egoera ona dutenez, aurrera egiteko aukera handiagoak dituzte, ostera, ekonomi arazoak dituzten herrialdeak, zailtasun handiagoekin garatu egiten dira, eta zer esanik ez, teknologien munduarekin zerikusia duten eremuetan. Beraz, gizarteen artean desberdintasun nabariak agertzen dira, hauen arteko banaketa areagotzen delarik.
Hala ere, kontutan hartu behar dugu,  mundu mailan gertatzen den eten hau ere beste maila batzuetan ere ematen dela, esaterako, gizarte mailan.

Formazio edo Hezkuntza etena: Argi dago, teknologia berriekin harremanetan aritzeko ez dela nahikoa ekipo bat izatearekin, teknologia berrien inguruko ezagutzak ere izan behar dira,hau da,  hauek erabiltzen jakin behar dugu. Beraz, etorkizuneko biztanle guztiok, teknologia berrietan aritzeko aukera izanez gero, digitalki alfabetizatuta egon beharko gara, eta hori da eskolan landu beharreko gauza bat.
Beraz, etena non sortzen da? Ba, teknologiak erabiltzen dituztenen eta ez dituztenen artean.

Eten idiomatikoa: Sarean ingelesez hitz egiten dela esan daiteke,  aurkitzen dugun hizkuntz nagusia baita. Dakigunez, Estatu Batuak dira interneteko auziari dagokionez, nagusienak, eta hauen presentzia oso nabaria da, hango egoera soziokultural eta ideologikoak gugan eragina dutelarik. Honek abantaila handia suposatzen du eurentzat, baina arazoa da gaztelania edota euskara (beste hizkuntza askoren artean) bigarren maila batean gelditzen direla, eta ingelesaren eraginaz "zapalduak" ez izateko ahalegin handiak egin beharko dituztela.

Generazioen arteko etena: Gaur egungo gazteak teknologia berrien kontsumitzaile handiak dira, eta nagusiak , ostera, ikus-entzunezko teknologiekin lotura gehiago izaten dute, eta honek bere eraginak izango ditu hezkuntza eremuan.
Arazoa, kasu honetan, ez da ikasleengandik etorriko, baizik eta irakasleen aldetik. Kasu askotan ikasleak irakasleek baino ezagutza handiagoa dute eremu honetan, eta horrek irakasleengan konfiantza eza sortzen du, kasu askotan teknologia berriak erabili nahi ez izateko punturaino.

Generoen arteko etena: Orokorrean begiratuta, esan behar da gizonezkoak direla Teknologia Berrien kontsumitzaile handiagoak emakumezkoak baino. Etena, gizartearen araberakoa izango da, hau da, emakume eta gizonen arteko desberdintasun handia dagoen gizarte batean etena handia izango da, baina geure kasuan gertatzen den moduan, emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasuna gero eta gutxiago ikusten da, hori dela eta, zenbait urte barru eten hori desagertu egingo da.

Ezaugarri psikiko edo fisikoek sortutako etena: Teknologia Berriak normalean, arazo psikiko edo psikologikorik ez duten pertsonei zuzenduta egoten dira, nahiz eta pixkanaka teknologia berrietan defizit psikologikoak edo fisikoak dituztenentzat egokitzapenak ikusten hasi diren.
Egoera honen aurrean, eten handia sortzen da, mota hauetako arazoak dituzten pertsonek ezin dutelako teknologia berrien onurak aprobetxatu.

Beraz, eten teknologiko honen aurrean, artikuluaren idazleak hezkuntzaren arloan  proposatzen duena ondorengoa izango zen:
Bere aburuz, nahiz eta eten digitalen auzia konpontzea zaila izan (lehen ikusi dugun moduan faktore askok eragiten dutelako), zenbait neurri hartzea egokia izango litzatekeela adierazten digu.

Neurri horien artean lehena azpiegituren hobekuntza agertzen zaigu; azpiegiturarik ez badago, teknologien munduan sartzerik ez dago, baldintza sozial eta ekonomikoak direnak direlarik. Hori bai, behin azpiegituren arazoa konponduta, arrazoi ekonomiko eta sozialak direla medio zailtasunak dituztenei laguntza eskaini beharra argi eta garbi azaltzen digu.

Aldi berean, dakigunez, guztiok ez ditugu trebetasun berberak arlo honetan, beraz, bai hardware eta software-ean moldaketak egitea proposatzen du, pertsona guztiok erabiltzeko aukera izan dezagun.

Honekin batera, gizartearen alfabetizazio digitala aldarrikatzen du, honi esker, teknologiei etekin handiena atera diezaiogulako. Alfabetizazio honetan, eskolaren alorrean, irakasleek zeregin handia dute, eta hauen formakuntza eskasa izanik, arazo berri baten aurrean aurkitzen gara.

Argi dago, eten digitalak planteatzen dituen zailtasunei aurre egin behar zaiela, baina errealitatea begiratuz gero, lan handia egin behar dela ikus dezakegu. Horregatik jende guztia gertatzen diren etenei buruzko hausnarketa txiki bat egin beharko lukete, guztion artean arazo honi behingoz aurre egiteko.

Teknologia Berriak eta Informazioaren Gizartea

Teknologia Berriek Informazioaren Gizartean duten eragina 

Gizakia historian aldaketa handiak pairatu ditu bere gizartean, baina aldaketa hauek gizakiak berak sorturikoak izan dira, bere ongizatea lortzeko xedearekin eginak. Modu honetan pixkanaka- pixkana, teknologiek gero eta garrantzia handiagoa izaten joan dira, gaur egun Informazioaren gizartea deritzogun gizartera heldu arte, non guztiok informazioa eta ezagutza sortu, erabili, konpartitu... egin dezakegun guztion mesedean.
Dena den, guzti honek ondorio moduan informazioaren gehiegizko kantitatea dakar, eta honen aurrean gizakiak kritikotasunez jokatu behar du, garrantzitsua den eta ez denaren artean bereizteko.
Hori dela eta, gizarteko kide guztiei ikasten ikastea eskatzen zaie, hau ez baita soilik eskolaren zeregina. Hau da, eskolak bere aldetik ikasle guztiek gizartean integratzeko beharrezkoak dituen gaitasunak garatzen saiatuko da, baina argi dago ez dela ikasteko bide bakarra izango, ikasleek gizartean izandako esperientzien bidez gaitasun horiek garatu behar izango dituztelako, gizartearen gertatzen diren aurrerapenekin batera.

miércoles, 27 de octubre de 2010

"Prometeus- La Revolución de los medios".



Bideo honetan aurkezten zaigun gaia internetekin zuzenean erlazionatuta dago, alegia, internetek hainbesteko garrantzia hartu du, ezen etorkizun hurbil batean guretzako ohikoak diren komunikabideek aldaketak izango dituzten, guzti hauen desagerpena edota digitalizazioa gertatuz.

Entzun dugunaren inguruan hausnarketa txiki bat egiten baldin badugu, zenbait gauzetaz konturatu gaitezke, geuregan eragin zuzena dutenak, nahiz eta horretaz guztiz kontziente ez izan:
 Internetek, bideoan ongi azaltzen den bezala, garapen handia izan du azken urteotan, komunikabideek orain arte izan duten paper garrantzitsuan zuzenean eraginez. Eragin hau nabaritzen hasia da geure gizartean, interneten egunkariak, irrati emisoreak, musika, publizitatea, filmak... aurkitu baitezakeguz modu digital, arin eta eroso batean. Seguruenik, denboran aurrera egin ahala, internetek, teknologia berria den moduan, aldaketa nabarmenak pairatuko ditu. Bideoan gutxi gorabehera azaltzen digute aldaketa edo garapen hori nola eta zein erritmotan emango den. Ideia orokor eta hurbila egiteko oso baliagarria izan daiteke, baina egia da inork ez dakiela interneten bilakaera zer- nolakoa izango den, edota honek gizartean izango dituen ondorioak.

Hori dela medio, aldaketa honen aurrean eskolak zer egin dezakeen jakitea oso zaila izango zen, baina ikusi dugunaren arabera, argi dago eskola internetek izandako garapenera egokitu behar izango dela, ikasketetarako erraminta edo baliabide garrantzitsua bihurtuz. Kasu honetan, eskolak aldaketa oso handiak egin beharko lituzke oso erritmo arinean, aldaketa hauek denbora- tarte oso laburrean emango direla kontuan hartzen baldin badugu.

Planteatu dudan egoera hau emango balitz, eskolak zailtasun eta arazo handiekin topo egingo lukeela uste dut, erakunde honen aldaketa-erritmoa oso motela baita teknologien garapenarekin alderatzen badugu. Hala ere, lehen aipatu dudan bezala, ez dago ezer zehatzik eta ondorioz eskolaren erantzuna positiboa zein negatiboa izan daiteke.

Dena den, argi utzi behar da bai eskolak eta baita irakasleek teknologia berrien erabileraren alde egingo dutela, bizi garen informazioaren gizartean ezinbetesteko elementu bilakatuko baitira.

jueves, 21 de octubre de 2010

Loturak (estekak) sartzeko aprobak

Post honetan ikusiko dugu nola sartu lotura bat idazpen batean. Horrela, hemen klik egiten EHUko web orrialdera salto egingo dugu.