domingo, 7 de noviembre de 2010

"Reflexiones Sobre la Brecha Digital"

Eten Digitala eta Hezkuntza.

Teknologia Berrien inguruan zerbait entzuten dugun bakoitzean, aurrerapen eta garapenarekin erlazionatzera jotzen dugu, hainbat teknologiei esker geure egunerokotasuna erosoagoa bilakatzen baita. Horrela ikusita, bai, teknologia berriek  abantaila handia suposatzen dute,  baina ez gara konturatzen, gutariko askorentzat aurrerapenarekin zerikusia duen zerbait den bitartean, beste batzuentzat "atzerapena" suposatzen duela.

Horregatik, Julio Caberok bete artikuluan eten digitala deritzogunari buruz hitz egiten digu.
Eten digitala hitza entzun eta ia gehienok zer esan nahi ote duen galdetzen diogu geure buruari, bere izenak asko esaten digun arren. Horregatik, aproposa iruditzen zait lehenengo definizio labur bat ematea, nahiz eta ondoren azalpen sakonagoetan sartu: eten digitala, zenbait taldek ezaugarri jakin batzuen, ikuspegi kulturala edota egoera ekonomikoa dela medio, teknologia berrietara jo ezinaren ondorioa da. Hau da, badaude pertsona batzuk gure gizartean (zein beste batzuetan), ezin dutenak teknologia berrietara iritsi, eta ondorioz, hauen eta teknologia berriak erabiltzen dituztenen artean desberdintasun bat, eten bat, sortzen da, eta honi deritzogu eten digitala.

Aipatu ditugun desberdintasun horietatik, beste eten mota batzuk daude, baina ezer baino lehen, argi izan behar dugu eten digitalak ez dituela hauek sortzen, baizik eta areagotu egiten ditu. Etenak ondorengo hauek lirateke:

Eten Sozioekonomikoa: Eten mota honek gizarte aurreratu eta atzeratuen arteko etenaz hitz egiten digu. Argi dago eten mota hau herrialde bakoitzak duen egoera ekonomikoaren ondorioz gertatzen dela; herri aurreratuek ekonomikoki egoera ona dutenez, aurrera egiteko aukera handiagoak dituzte, ostera, ekonomi arazoak dituzten herrialdeak, zailtasun handiagoekin garatu egiten dira, eta zer esanik ez, teknologien munduarekin zerikusia duten eremuetan. Beraz, gizarteen artean desberdintasun nabariak agertzen dira, hauen arteko banaketa areagotzen delarik.
Hala ere, kontutan hartu behar dugu,  mundu mailan gertatzen den eten hau ere beste maila batzuetan ere ematen dela, esaterako, gizarte mailan.

Formazio edo Hezkuntza etena: Argi dago, teknologia berriekin harremanetan aritzeko ez dela nahikoa ekipo bat izatearekin, teknologia berrien inguruko ezagutzak ere izan behar dira,hau da,  hauek erabiltzen jakin behar dugu. Beraz, etorkizuneko biztanle guztiok, teknologia berrietan aritzeko aukera izanez gero, digitalki alfabetizatuta egon beharko gara, eta hori da eskolan landu beharreko gauza bat.
Beraz, etena non sortzen da? Ba, teknologiak erabiltzen dituztenen eta ez dituztenen artean.

Eten idiomatikoa: Sarean ingelesez hitz egiten dela esan daiteke,  aurkitzen dugun hizkuntz nagusia baita. Dakigunez, Estatu Batuak dira interneteko auziari dagokionez, nagusienak, eta hauen presentzia oso nabaria da, hango egoera soziokultural eta ideologikoak gugan eragina dutelarik. Honek abantaila handia suposatzen du eurentzat, baina arazoa da gaztelania edota euskara (beste hizkuntza askoren artean) bigarren maila batean gelditzen direla, eta ingelesaren eraginaz "zapalduak" ez izateko ahalegin handiak egin beharko dituztela.

Generazioen arteko etena: Gaur egungo gazteak teknologia berrien kontsumitzaile handiak dira, eta nagusiak , ostera, ikus-entzunezko teknologiekin lotura gehiago izaten dute, eta honek bere eraginak izango ditu hezkuntza eremuan.
Arazoa, kasu honetan, ez da ikasleengandik etorriko, baizik eta irakasleen aldetik. Kasu askotan ikasleak irakasleek baino ezagutza handiagoa dute eremu honetan, eta horrek irakasleengan konfiantza eza sortzen du, kasu askotan teknologia berriak erabili nahi ez izateko punturaino.

Generoen arteko etena: Orokorrean begiratuta, esan behar da gizonezkoak direla Teknologia Berrien kontsumitzaile handiagoak emakumezkoak baino. Etena, gizartearen araberakoa izango da, hau da, emakume eta gizonen arteko desberdintasun handia dagoen gizarte batean etena handia izango da, baina geure kasuan gertatzen den moduan, emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasuna gero eta gutxiago ikusten da, hori dela eta, zenbait urte barru eten hori desagertu egingo da.

Ezaugarri psikiko edo fisikoek sortutako etena: Teknologia Berriak normalean, arazo psikiko edo psikologikorik ez duten pertsonei zuzenduta egoten dira, nahiz eta pixkanaka teknologia berrietan defizit psikologikoak edo fisikoak dituztenentzat egokitzapenak ikusten hasi diren.
Egoera honen aurrean, eten handia sortzen da, mota hauetako arazoak dituzten pertsonek ezin dutelako teknologia berrien onurak aprobetxatu.

Beraz, eten teknologiko honen aurrean, artikuluaren idazleak hezkuntzaren arloan  proposatzen duena ondorengoa izango zen:
Bere aburuz, nahiz eta eten digitalen auzia konpontzea zaila izan (lehen ikusi dugun moduan faktore askok eragiten dutelako), zenbait neurri hartzea egokia izango litzatekeela adierazten digu.

Neurri horien artean lehena azpiegituren hobekuntza agertzen zaigu; azpiegiturarik ez badago, teknologien munduan sartzerik ez dago, baldintza sozial eta ekonomikoak direnak direlarik. Hori bai, behin azpiegituren arazoa konponduta, arrazoi ekonomiko eta sozialak direla medio zailtasunak dituztenei laguntza eskaini beharra argi eta garbi azaltzen digu.

Aldi berean, dakigunez, guztiok ez ditugu trebetasun berberak arlo honetan, beraz, bai hardware eta software-ean moldaketak egitea proposatzen du, pertsona guztiok erabiltzeko aukera izan dezagun.

Honekin batera, gizartearen alfabetizazio digitala aldarrikatzen du, honi esker, teknologiei etekin handiena atera diezaiogulako. Alfabetizazio honetan, eskolaren alorrean, irakasleek zeregin handia dute, eta hauen formakuntza eskasa izanik, arazo berri baten aurrean aurkitzen gara.

Argi dago, eten digitalak planteatzen dituen zailtasunei aurre egin behar zaiela, baina errealitatea begiratuz gero, lan handia egin behar dela ikus dezakegu. Horregatik jende guztia gertatzen diren etenei buruzko hausnarketa txiki bat egin beharko lukete, guztion artean arazo honi behingoz aurre egiteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario